Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoakultura
2024ko martxoaren 28a

Euzkadiko Gudontzidia
(1936-39)

Matxitxako Lurmuturreko Borroka (1937-3-5)

Mercante GaldamesMatxinatuen itsas indarrak Bizkaiko Itsaso osoan barreiaturik ziren 1937ko martxoaren hasieran: bi euskal merkantzia ontzi, Mar Cantábrico eta Galdames, iristekoak ziren Errepublikaren menpeko porturen batera, eta haiei bidea galerazi nahian. Mar Cantábrico merkantzia ontzia Veracruzetik zetorren Iparraldeko portu batera, arma kargamentu garrantzitsu batez. Galdames, berriz, bi hilabete baino gehiago baitzeramatzan Baionan, irteteko aukeraren zain. Ontziak 173 bidaiari, Belgikan Eusko Jaurlaritzarentzat egindako 3 tona nikelezko txanpon, eta karga orokorra zekartzan. Operazio horretan Bizkaiko Itsasoan errebeldeek zituzten ontzi guztiek hartuko zuten parte. Canarias gurutzontzia, matxinatuen armadako ontzirik indartsuena, Bizkaiko Golkora iritsia zen.

Torres de proa del crucero CANARIASGaldames (Hilario Urriz kapitaina) Baionatik zetorren, eskolta handiaz: Gipuzkoa (Manuel Galdos komandantea), eta Bizkaya (Alejo Bilbao komandantea), Nabarra (Enrique Moreno komandantea) eta Donostia (Francisco Elortegi komandantea). Eguraldia txarra zen, ontziak argirik gabe eta irratia itzalirik zetozen, isilpean; Gipuzkoak eta Bizkayak gainerakoekin harremana galdu egin zuten, Martxoaren 5eko eguna argitzen zuenean, bi ontziak taldearen bila ari zirela, Canarias (Salvador Moreno ontzi kapitaina) topatu zuten ustekabean.

Esquema del Combate de MatxitxakoBi bou izan arren Canariasek Gipuzkoa baino ez zuen ikusi, Bilborantz zetorrela Santoña aldetik. 13:35ean 6.000 metro ingururaino murriztua zuen Canariasek boutik bereizten zuen tartea, eta tiro egin zion 120 mm-ko piezez. Gipuzkoak berehala erantzun zion. Minutu gutxi igarota Canariasek botatako kanoikada batek bete-betean jo zuen popako kanoian, bi artilleroak hil eta beste batzuei hainbat zauri eraginez. Baina Gipuzkoak tiro egiten jarraitu zuen brankako kanoiaz, eta baita Canarias jo ere “B” behaketa-postuko kasetatxoan, popan, hildako bat eta zaurituriko bat eraginez. Mendebaldeko itsaski handiak erabat zailtzen zuen pieza ertainen punteria, eta Canariasek 203 mm-ko kanoiak lanean jartzea erabaki zuen. 13:45ean kalibre horretako tiro-andana batek bete-betean harrapatu zuen Gipuzkoaren aginte-zubia: sute handia sortzeaz gainera 2. ofiziala, telegrafista eta lemaria hil zituen eta Galdos komandanteari zauriak eragin zizkion. Bouan noraezeko uneak izan ziren, inork ez zekiela zer egin, baina Galdosek berak heldu zion popan jarritako lemari eta halaxe igaro zen larrialdia. Gipuzkoari jazartze horretan, Canarias Galea Lurmuturreko kostako bateriaren mendean jarri zen, eta 14:00etan tiro egiten hasi ziren kostatik, bouari laguntzearren, baita Luzero Lurmuturrekoak lagundu zuen ere. Matxinatuen gurutzontziak iparrera jo zuen berehala, alde eginez, eta Gipuzkoak, sutan eta matxura handiekin baina, nola edo hala, Portugaleten sartu ahal izan zuen arratsaldeko 3etan.

Bou incendiado Gipuzkoa en Matxitxako Cuadro de David CobbBitartean, Bizkayak Estoniako banderapeko ontzi ezezagun bat topatu zuen ezustean; borrokaldia hasi aurretik Canariasek atxilotua zuen. Yorkbrook ontzia zen, eta errepublikazaleendako armak zeramatzan. Agudo, Canarias gurutzontzia Gipuzkoaren aurka ari zen bitartean, Bizkayak Bermeoraino eraman zuen. Horrela berreskuratu ziren ontzia eta armak.

Bou Bizkaya captura al Yorkbrook en Matxitxako Cuadro de DavidCobbKonboiaren beste zatiari orain arrasteko bi ontzi atxiki zitzaizkion, Pantzeska eta Joseba Mikel alegia, portura baitzetozen bueltan eguneko lana amaitu eta gero. Gertatutako guztiaz ezjakin, atzetik zetozen untziek ere Canarias topatu zuten berehala. Canarias, lehenik, Galdamesi hurbildu eta gelditzeko agindu zitzaion. Galdames ez zen gelditu eta Canariasek, beste ezer gabe, istriborrean jarri eta 120 mm-ko kanoiez hainbat tiro egin zion. Arratsaldeko hirurak inguru ziren. Galdamesek lau inpaktu hartu zituen, eta bost bidaiari hil ziren, izandako zauritu guztiez gain. Bidaiarien artean hildako gehiago izatea saihesteko, merkantzia ontziko kapitainak makinak gelditzeko agindu zuen. Nabarraren komandanteak, Enrique Morenok, bere ofizialak bildu zituen zubian, egoera azaltzeko eta ontzia errenditu baino lehen bertan hondoratzeko prest zegoela jakinarazteko. Lehenbiziko kanoikadak aditu orduko, Moreno komandanteak erantzuteko agindu zuen. Pantzeska eta Joseba Mikel une horretaz baliatu ziren ihes egin ahal izateko, eta gau horretan bertan sartu ziren Castro Urdialesen, borrokari buruzko zuzeneko lehen lekukotza eskainiz.

Bou Nabarra durante el combate de Matxitxako Cuadro de David CobbGipuzkoak bezalaxe, Nabarrak ere lortu zuen gurutzontzia kanoikada batez jotzea, ababorreko amulan hain justu, baina mailatu txiki bat besterik ez zion eragin; beste proiektil batzuek zeharka jo zuten masta eta antenetan. Metraila-printza batek eragin zuen Nabarrako lehen hildakoa, eta geroago zuzeneko inpaktu batek, zubian jo zuelarik, lemaria hil eta 2. ofiziala larri zauritu zuen. Ordubete baino gehiagoz, itsaskiaz baliatuz, Nabarrak borrokari eutsi zion, eta Canariasi itzuri egitea lortu ere bai, harik eta 203 mm-ko tiro batek makina-gelan jo eta makinari guztiak hil zituen arte. Nabarrak, nork gidatu ez zuela, hondamena zuen aurrean; eta beste inpakturen bat ere jaso zuen artean, tripulatzaileek ontzia lagatzea erabaki arte. Komandanteak, lehen ofizialak eta beste batzuek nahiago izan zuten ontzian bertan geratu eta harekin batera hondora joatea. 49 tripulatzaileetatik 20k bakarrik lortu zuten salbamendu-txalupetara heltzea, eta beste batzuk ahaleginean ito ziren. Donostia, bere artilleriaren irismen eskasagatik borrokan sartzeke egon baitzen, salbamendu-txalupetako bat jasotzen saiatu zen, baina bertakoek ura ateratzeko ontziak besterik ez zioten eskatu, eta ihes egiteko esan. Orduan Frantziar kostalderantz abiatu zen boua, eta Arcachonen sartu zen hilaren 6ko goizaldean. Canarias arduratu zen naufragoak jasotzeaz, eta lana amaitu eta gero leherketa izugarri bat gertatu zen Nabarran, hondora joanez hau inolako arrastorik lagatzeke. Enrique Morenok zintzo bete zuen emandako hitza. Canarias, orduan, Galdames ontzirantz abiatu eta Pasaiara joateko agindu zion.

Bou Donostia en Matxitxako Cuadro de David CobbCanariasek atxilotu zituen Nabarraren 20 marinelak hilabete batzuk geroago epaitu zituzten eta heriotz zigorra ezarri zieten, baina Canariasen komandanteak eta tiro-arduradunak, Salvador Moreno ontzi-kapitainak eta Manuel Calderón korbeta-kapitainak alegia, Francoren aurrean izandako zuzeneko interbentzioak –oso ekintza ohoragarria inondik ere- haientzako indultoa lortu zuen, eta 1938ko azaroaren 30ean aske laga zituzten, erakutsitako ausardiaren errekonozimendutzat. Galdameseko marinel eta pasaiariek, berriz, urte luzetako gartzela pairatu behar izan zuten, eta baten bat afusilatu ere egin zuten.

Danos sufridos en Matxitxako por el bou Gipuzkoa canon de popaHerritarren begietan, Matxitxakoko porrot militarra garaipen moral handia bihurtu zen. Egunkariek emandako xehetasunez indarturik, Canarias handiaren aurka euskal ontzi txikiek erakutsi zuten adorea ekintza gogoangarrien artean idatzirik gelditu zen. Hildako marinelen omenezko ekitaldiak izan ziren, are gehiago, urte horretako Aberri Eguna Euskal Marinelaren omenezkoa izan zen. Manuel Calderon oficial del CANARIAS y Pedro De la Hoz marinero del NABARRA en 1975 Euzkadiko Gudontzidiak, bere jarduera etengabeaz arrantzale eta merkantzia ontzietako marinelen artean eraginkortasun ospea berenagatu zuen hark, balio eta tinkotasun itxura lortu zuen oraingoan herritarren aurrean. Egun horretan eroritakoen oroimenez, erbesteko Eusko Jaurlaritzak Itxas Gudarien Eguna antolatu zuen 1977an, eta oraindik ere ospatzen dute Bermeon martxoko lehen igandean.

Agiriak

Canarias gurutzontzia. ‑ Parte de Campaña nº 18. 12-03-37
Bizkaya boua. ‑ Parte de Servicios de los días 4 y 5 de marzo. 08-03-37.