Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoakultura
2018ko abenduaren 13a

Euzkadiko Gudontzidia
(1936-39)

Itsasoko karabineroak

Iparreko Frontea ebakuatu eta gero, Euzkadiko Gudontzidian edo Merkantzia Ontziterian aritutako ofizial eta marinel pila handi samar bat aurkeztu zitzaion Eusko Jaurlaritzari, Bartzelonan baitzen orduan. Eusko Jaurlaritzak berehala jarri zuen pertsonal hori Errepublikaren Gobernuaren eskura. Denbora batez hainbat gestio egin zituzten Armadaren ontziren batera-edo destinatzeko, baina Armadak berak ez zuen ideia oso begi onez ikusi. Gestioek jarraitu egin zuten gero Gobernuaren beste sail batzuetan. 1938ko apirilean soldadu frankistak Mediterraneora iritsi ziren Vinaroztik, eta lurralde errepublikarrak bitan zatituz Katalunia bereizi zuten beste lurralde leialetatik. Orduan sortu zen itsas zerbitzu bat antolatzeko asmoa, bi zonak lotzeko eta pertsonala, posta ofiziala eta horni batzuk batetik bestera eramateko zerbait behar zen eta.

Juan Victor Echevarria comisario politico de la Direccion General de CarabinerosIdeia horren bultzatzaile nagusia, eta destinorik ez zuten euskal marinelak eginkizun horretan erabiltzea bururatu zitzaiona, Juan Víctor Etxebarria komandantea izan zen, sozialista bilbotarra bera, eta Karabineroen Zuzendaritza Nagusiko komisario politikoa. Bere proposamena onartua izatea lortu zuen Etxebarriak, eta sasoi hartan Julio Tomás Rementeria komandanteak, bilbotarra hau ere, zuzentzen zuen Ogasun eta Ekonomia Ministerioko Garraio Buruzagitza Nagusiari atxiki zioten zerbitzua; azkeneko honen ordez, 1938aren amaiera aldean Manuel Fresno Urzay koronela jarri zuten.

Efektiboak eta antolaketa

Yate Nere AmetzaEuskal marinelak, 1938ko maiatzaz geroztik, Karabineroen Gorputzean sartu ziren, eta lanbide mailaren arabera atxiki zituzten kapitain (merkantzia kapitain edo lehen makinariak), teniente (pilotu edo 2. makinariak), sarjentu (patroi, telegrafista edo mekanikariak) edo kabu (kontramaisu edo makina-arduradunak) mailetara. Pertsonal guzti hau, 500 gizon inguruko taldea azken batean, ontzitalde txiki bat tripulatzera igaro zen; ontzitalde honetakoak ziren:

  • Nere Ametza yatea (359 tg), ontzitaldeko ontzirik handiena; Elantxobeko Nicolas Gabikagogeaskoa kapitainari eman zioten honen agintea.
  • Tabacaleraren I-1 zainketako txalupa (128 tg), Euskaldunan eraikitakoa zen, eta Bilboko Ricardo Letamendia kapitainak agintzen zuen.
  • Tabacaleraren “C” motako hainbat txalupa, txikiagoak guztiak. Horietako batean Francisco Larrea teniente bermeotarrak zuen agintea.
  • Belaontzi motoredun batzuk, 100 eta 300 tona artekoak eta lastertasun eskasekoak. Tartean ziren Margarita Taberner (130 tg), Gernikako Pedro Ruiz de Loizaga kapitainak agintzen zuena; Comercio (91 tg), Juan Endeiza kapitainak, gernikarra hau ere, agindutakoa; Arsenio Cañada (338 tg), Busturiako Felix Gorriño kapitainak agindua; Cala Castell (194 tg), Bermeoko Jose Arana tenienteak agindua; Cala Tramontana, Cala Fornell, Malvarrosa, ...
  • Hainbat yate eta txalupa, gehienetan zainketa eta portuko zerbitzuetara emanak, esaterako Brabo (52 tg), Bilboko Pedro Aranguena kapitainak agintzen zuena.

Distribucion Buques Tabacalera 1937Ontzietako batzuek metrailadore bat edo bi zeramatzaten aire defentsarako, beste batzuk, ordea, batere armarik gabe zihoazen. Guzti-guztiei zenbaki bat ematen zieten, M.H.F. siglak (Ministerio de Hacienda-Flota) aurrean zituztela. Ontzi horiek operazio basetzat hartzen zituzten gune nagusiak Bartzelona, Garraio Buruzagitza Nagusiaren egoitza, eta Valentzia ziren, Buruzagiordetzaren egoitza berau. Gainera itsasbazterreko herri garrantzitsu guztietan postuak zeuden. Itsasoko Karabineroen koartela Premiá de Mar-en kokatu zuten, Bartzelonatik hurbil, eta bertan biltzen zen erreteneko pertsonala destino zain zegoen bitartean.

Ontzitaldearen jarduera

1938ko uztailetik gerra amaitu arte, Itsasoko Karabineroek etengabe jardun zuten Levanteko kostaldean zehar lotura eta garraio txikiko egitekoetan, Karabineroen Gorputzari berezkoak zitzaizkion kaietako zainketa, arrantzuaren antolaketa, eta abarrez gain. Karabineroen ontziak normalean gauez ibiltzen ziren, abiazioaren edo ur gaineko ontzien erasoetatik alde egin nahian. Hala eta guztiz ere, bidaietan ez zen arriskurik falta.

Horietako gau batean, Nere Ametza Bartzelonatik Valentziara zihoala, eta Tarragona pasatuxe, errebeldeen ontziteriako hainbat ontzirekin egin zuen topo, eta errekonozitzera hurbildu zitzaizkion. Nere Ametzak britainiar Itsas Erreserbaren white ensign altxatu zuen, eta ontziek urrunera jo zuten. Alabaina, Gabikagogeaskoa kapitainak bazituen despistatu ote zituen zalantzak, eta oso ikatz frantziar txarra erretzen ari zirenez, 4 korapilotik gorako lastertasunik ezin zutenez hartu, Tarragonara itzultzea erabaki zuen. Portu inguran zelarik, gudontzi armatu frankista baten argiak ikusi zituen urrunean, bere bila zetorren bat hain zuzen. Nere Ametzaren onerako gudontzia artean oso urrun zen, eta ezin izan zituen harrapatu Tarragonan sartu baino lehen.

Felix Gorrino comandante del ARSENIO CANADABaina bidaia guztietan ez zen horrelako zorterik izan. 1938ko urriaren 17an, Arsenio Cañada belaontzi motoreduna Bartzelonatik Aguilaseraino zihoan, jateko olio kargamentu bat hartzeko, eta bidean etsaien hainbat destruktore fortunatu zitzaizkion parean; Huescak harrapatu zuen. Atxilotu baino lehen, ontziaren armamentu bakarra zen fusil metrailadorea kareletik botatzeko agindu zuen kapitainak.

Beste batzuetan abiazioa izan zen karabineroen ontziei eraso egin ziena. Esaterako 1939ko urtarrilaren 6an, Margarita Taberner hondoratzear egon baitzen Castello igaro orduko Cant Z 506B hidrohegazkin batek eginiko erasoaren eraginez. Une hartan Deniatik Bartzelonara zihoan, bidaiari militar batzuk eta laranja kargamentu bat zeramatzala. Hegazkinak hainbat pasada egin zizkion metrailadorez tiro eginez eta bonba txikiak jaurtikiz, eta belaontzi motoredunak bere aire kontrako bi metrailadoreez erantzun zion. Matxura garrantzitsuak izan arren Bartzelonan sartzea lortu zuen, laranjei esker lortu ere, zeren eta arindu egin baitzuten balen eragina.

Carabineros de Mar en Barcelona en 1938Abiazioak beste baja batzuk ere eragin zizkien Itsasoko Karabineroei, batez ere 1938ko azkeneko hilabeteetan zehar Bartzelonako portuak sarritan jasan zituen bonbardaketetan. Horietako batean samurki matxuratuta geratu zen Nere Ametza, eta dikean eman behar izan zuen aste pare bat. Beste bonbardaketa batzuetan hildakorik ere izan zen karabineroen artean, esaterako Algortako Jesus Sánchez Basagoiti sarjentua, portuko kaietan zainketa zerbitzuan ari zelarik.

1939ko urtarrilaren hasieran, errebeldeak Kataluniaren aurka lortzen ari ziren aurrerapenak ikusirik, Garraio Buruzagitza Nagusia Olotera joan zen. Urtarrileko azken egunetan zehar karabineroen ontziek lagundu egin zuten kostaldeko herriak ebakuatzen. Belaontzi motoredunetako batzuk operazio horietan zehar galdu ziren, esaterako Gernikako Secundino Argintxona kapitainarena, Bartzelonak jasan zituen azken bonbardaketako batean hondoratua. Comercio ere istripuz galdu zen Rosesen, 1939ko urtarrilean. Beste ontziek, tartean I-1 txalupa eta Malvarrosa, karabineroz eta errefuxiatu zibilez beterik, Marseillara heldu ahal izan zuten 1939ko otsailean, eta hantxe internatuta geratu ziren. Iritsi berri horietako askoren hurrengo urratsa St. Cypriengo kontzentrazio-eremua izan zen.

Secundino Arguinchona capitan de la lancha C-17 de la Flotilla de Carabineros y Manuel Azkune oficial del JLDiezKatalunia galdu eta gero, Valentzian zegoen Nere Ametza, belaontzi motoredunen bat edo beste eta txalupa txikiak besterik ez ziren ontzitaldearen osagai. Yateak, Javean zegoenean, jakin zuen Flota Errepublikarra Cartagenatik irtenda zela, eta ez itzultzeko asmotan irten ere. 1939ko martxoaren 6ko gauean, ihes egin nahi zuten pertsona batzuk hartu eta gero, eta gerraren amaiera ateetan zen ustetan, Nere Ametzak Javea laga eta Argeliako kostaldera hartu zuen. Martxoaren 7ko goizean sartu zen Oranen, Flota Errepublikarra, berriz, egun berean Bizertan sartu zelarik.

Itsasoko Karabineroetan zen euskal jatorriko pertsonal talde txiki bat besterik ez zegoen jada, Garraio Buruzagiordetza Nagusian. Batzuek garaiz alde egin ahal izan zuten, beste batzuek nahiago izan zuten geratu, eta atxilo egin zituzten, esaterako Carlos Intxausti bilbotarra, Buruzagiordetzaren Hornidura Ataleko burua, gerraren azkeneko egunean Valentzia erori zenean harrapatu zuten eta. Gehienek epaiketa eta kartzela zigor luzeak izango zituzten, non eta heriotza ez bazen.