Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoakultura
2024ko apirilaren 25a

Euzkadiko Gudontzidia
(1936-39)

Beste itsas armada lagungarrien zerrenda:

 
Ontzidi Iraultzaile Filipinarra (1898-99)
Itsas armada:
Ontzidi Iraultzaile Filipinarra (1898-99)
Izena:
Marina Revolucionaria Filipina
Historiala:

Ontzidi Iraultzaile Filipinarra 1898ko maiatzaren 20an sortu zen bandera filipinarra igo eta Magdalo bapore-txalupa zerbitzuan hasi zenean. Txalupa hura eta beste zazpi Cavite-n hondoratutako espainiar gudontzietatik zetozen (Magdalo txalupa Reina Mª Cristina-ren txalupa zen), eta Dewey Amiralak filipinar iraultzaileen buru Emilio Aguinaldori eman zizkion 1898ko maiatza eta ekainean. Ontzidi Filipinarra osatu zuten zazpi baporez, beren filipinar jabeek ekainean eta uztailean entregatuak (Balayan, Batangas, Bulusan, Don Francisco, Purísima Concepción, Taal, Taaleño), beste bat ekainean erosia Hong Kongetik hornigaiak eta armak garraiatzeko (Abbey), beste bat eskifai filipinarrak bereganatua uztailaren 5ean mutinatu ondoren (Compañía de Filipinas, Filipinas bataiatua, eta geroago Luzón), eta horiekin batera bi ibai-kanoiontzi espainiar (Otálora, Oceanía) eta bost baporetxo (Covadonga, Orani, El Capitán, Suerte, Nueva Ecija), denak Laguna de Bay-n atzemanak uztaila eta abuztu bitartean.

Aguinaldok ekainaren 12an aldarrikatu zuen Filipinen independentzia, eta 23an gobernu iraultzaile bat izendatu, diplomazia, itsaso eta merkataritza funtzioak Kanpo Arazoetako Ministerioan bilduta. Irailaren 26an Pascual Ledesma izendatu zuten Ontzidiaren Zuzendaria, jeneral mailarekin. Malolos-eko konstituzioarekin batera (99-1-21), Ontzidiaren Zuzendaritza Gerra eta Itsas Armada Ministeriora pasatu zen.

Bapore handienetako batzuk armatu egin zituzten Caviteko armategitik zetozen espainiar kanoiez. Gero tropak eta hornidurak garraiatzen eta iraultza artxipielagoko uharte guztietara hedatzen erabili ziren. Espedizio haietako batean, Bulusan hondoratu egin zuten espainiar kanoiontziek 1898ko irailean, eta Abbey handik gutxira atzeman zuen McCulloch kanoiontzi estatubatuarrak (98-9-24). Urrian, filipinar-estatubatuar harremanak teinkatzen hasi zirenean, Dewey Amiralak bandera filipinarra zeramaten bapore eta txalupak konfiskatzeko agindu zuen. Orduan filipinarrek erabaki zuten itsas base bat Olongapo-n instalatzea, uztailean espainiarrei atzemandako Subic badiako azpiegiturak baliatuta.

Estatubatuarren aurka irekitako gerra azkenik 1899ko otsailaren 4an piztu zen. Filipinarrei geratzen zitzaizkien bapore urriak indar estatubatuarrek jazarriak izan ziren. Apirila eta uztaila bitartean Laguna de Bayko ontzidi osoa atzeman zuten, gero Taaleño (99-9-14), eta azkenik Don Francisco (99-12-15), sastraka artean ezkutatua Olongapo inguruko ibai batean eta Marine estatubatuarrek azken itsas base filipinarra 10ean bereganatu ondoren. Aguinaldo estatubatuarrek atzeman zuten (1901-3-23), eta haren lekua hartu zuen Miguel Malvar jeneralak, baina amore eman behar izan zuen handik urtebetera (02-4-16), eta harekin bukatu zen Filipina independente baten lehen esperientzia.

 
COMPANNIA-DE-FILIPINAS.jpg Infanteria-Marina-de-Olongapo-(1899).jpg
 

Itsas armaden zerrendara itzuli