Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoakultura
2024ko martxoaren 28a

Euzkadiko Gudontzidia
(1936-39)

Beste itsas armada lagungarrien zerrenda:

 
Karlistar Itsas Armada (1874-76) Karlistar Itsas Armada (1874-76)
Itsas armada:
Karlistar Itsas Armada (1874-76)
Izena:
Comandancia General de las Costas de Vizcaya y Guipúzcoa
Historiala:

Gerra Karlistetan aurrez aurre egon ziren liberalak eta erregimen zaharraren aldekoak XIX. mendean. Legitimistak «Estatu karlista» egonkor samar bat antolatzeko gai izan ziren gune menderatuetan, batez ere euskal lurrean. Itsas Armada bat ere sortu zuten, baina Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldeetan bakarrik jardun zuen, eta izaera administratibokoa izan zen batik bat, itsas indar gisara antolatzera iritsi gabe. Alabaina, karlistek itsasoa erabili zuten hornidura militarrak helarazteko eta, hartara, gerra ahaleginari beren ekarpena egiteko.

Lehen Gerla Karlistan (1833-40) Itsas Armada karlista ez zen garatu gabeko fasetik pasatu. Karlistek aldian behin soilik erabili zituzten txalupak eta ontziak beren operazioetan. 1833n, esaterako, Oriñoneraino garraiatu zituzten osteak Laredo eta Castro Urdiales mehatxatzeko, Portugaleten eta Bilbon atzemandako zenbait ontzitan. 1834ko ekainean trinkadura bat erabili zuten Plentzian lehorreratu eta portuan zeuden arrantza txalupak hondatzeko. 1835en zenbait txalupa eta trinkadura zeuzkaten Bidasoaren ahoan bertako garraioa eragozteko. Azkenik, 1836ko irailaren 14an Itsas Komandantzia Nagusi bat sortu zen, Domingo Federiciren agintepean, kostak zaindu eta itsas kontuak ebazteko. Lekeition zuen egoitza, eta laguntzailetza bat Mutrikun. 1837ko abuztuaren 18an Bigarren Komandante izendatu zuten Miguel Ortiz Canelas itsasontzi tenientea, eta Mutrikuko Portuko Laguntzaile, 1837ko urtarrilaren 4an, Bartolomé Ferrá Merkataritza Ontzidiko kapitaina. Guztira, Itsas Armada Karlista lan administratiboez arduratzen ziren dozena bat pertsonak osatzen zuten bakarrik. Egia esan, karlistek Kantauri itsasoan egindako eraso ekintza bakarrak partikularrek egin zituzten, kortsario gisa jarduten. 1836an baziharduen trinkadura bat Lekeitioko portutik kortsario moduan, zenbait harrapakin egin zituena. Antzeko beste zenbait kasu izan ziren, hala nola 1838n Zabala jeneralak kortsario modura armatutako hiru trinkadurez osatutako flotilla bat antolatu zuen, basea Mundakan zuena, kostaldera hurbiltzen ziren ontzi etsaiei ekiteko. Baina ekintza haiek mugatuak eta oso noizbehinkakoak izan ziren beti.

Comandancia-Marina-I-GC.jpg

Bigarren Gerra Karlistan (1872-76) legitimistek berriro antolatu zuten, 1874ko urtarrilean, Itsas Komandantzia Nagusi bat, Marcos Fernández de Córdoba teniente koronelaren behin-behineko aginduetara. Helburua zen Bilboko itsasadarrreko blokatze operazioak koordinatzea eta haiei eustea. Hilabete geroago Santiago Patero brigadierrak (74-2-21), Consuelo korbetako komandante ohia, sei hilabete lehenago karlisten aldera pasatua zena , ordeztu zuen.

1874ko abuztuan karlisten berrantolatu egin zuten Itsas Komandantzia, funtziorik gabe geratu baitzen Bilboko setioa altxatu ondoren. Erakunde berriaren izena Bizkaia eta Gipuzkoako Kostaldeen Komandantzia Nagusia bihurtu zen, eta haren buru Federico Anrich brigadierra (74-9-1) izendatu zuten, Itsas Armadako ministro ohia espainiar Errepublikan. Mundakan izan zuen egoitza, eta laguntzailetzak Mutriku, Ondarroa eta Lekeition, baina, Lehen Gerran bezala, ez zuen itsas baliabiderik izan. Haren lana izapide administratiboetara eta kostaldea zaintzera mugatu zen. Giza baliabideei dagokienez, hogei-bat gizonek osatzen zuten, kostaldetik ikusitako ontzien mugimenduen berri ematen zuten talaiariak barne. Itsas baliabide bakarra txalupa olanadun bat zen, Mundakan portu zerbitzuak egiten zituena. Ondarroa eta Mutrikuko Itsas Armada Laguntzaileak, 1874an izendatuak, Pedro de Luzuriaga eta Nicanor San Pedro tenienteak izan ziren, hurrenez hurren, gerora kapitain mailara goitituak. 1875eko amaieran Lekeitioko Itsas Armadako Laguntzaile izendatu zuten Máximo Lazaga tenientea. Denek jarraitu zuten beren postuetan gerra amaitu arte. Gainera, Armadak, Itsas Armadarekin elkarlanean, kostalde bateriak instalatu zituen zenbait herritan ontzi liberalen erasoei aurre egiteko, eta bertara eraman zuen Buru eta Ofizialen Batailoi Agurgarria balizko lurreratzeei aurre egiteko.

Itsas Armadako Komandantziaz aparte, karlistek zenbait bapore pleitatu zituzten armak beren lurralderaino garraiatzeko, eta gehienetan arrakasta handiz egin zuten: ontzi haiek, euskal pilotuek gidatuak, dozena bat lurreratze egin zituzten 1873 eta 1876 artean, eta guztira 78 kanoi, 33.000 fusil eta 5.000.000 kartutxo zein hornidura ugari helarazi zizkieten. Ontzi bakar batek, London baporea, kanoi haietatik 70 eta fusil zein kartutxoen erdia ekarri zituen zazpi bidaiatan. Zeregin horretan aritutakoen artean Deerhound, Orpheon, Ville de Bayonne, Malfilatre, Queen of the Seas eta Nieves izan ziren.

 
Brigadier-Federico-Anrich.jpg Com-Gral-Costas.jpg Com-Sda-Marina.jpg Deerhound-1.jpg
 

Itsas armaden zerrendara itzuli