Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoakultura
2024ko abenduaren 5a

Euzkadiko Gudontzidia
(1936-39)

Euskal itsasgizonak Bigarren Mundu Gerran

Bigarren mundu Gerran (1939-1945) euskal itsasgizonak gerra eszenatoki ia guztietan ibili ziren. Talde handi batek Espainia frankistaren merkataritza edo arrantza ontzietan zerbitzatu zuen, gorabehera frankotan nahasiak izan zirenak bi aldeetako ontzi zein hegazkinekin. Baina beste talde batek, aurrekoa bezain handia, Gerra Zibila bukatutakoan erbestera jo zuenena, aliatuen aldean zerbitzatu zuen gatazka osoan.

Euskal itsasgizonek zerbitzatzen zituzten Espainia frankistaren merkataritza eta arrantza ontziak sarri izan ziren bi aldeetako hegazkin, itsaspeko eta minen biktima. Francoren erregimena Alemania eta Italiarekin lerrokatuta egon arren, itsaspeko alemaniar eta italiarrek eragin zituzten hil-zauritu kopuru handienak Estatu espainiarreko merkataritza ontzidian. Hondoratutako lehen ontzia Banderas euskal merkataritza ontzia izan zen, Naviera Vascongadarena, U-53 alemaniar itsaspekoak hondoratua Villano lurmuturretik hurbil (18-2-40), eta beste euskal merkataritza ontzi batek, Monte Gorbea, Naviera Aznarena, jasan zituen galera handienak eraso batean, Karibean zegoela U-512 alemaniar itsaspekoak torpedoz eraso eta hondoratu zuenean (19-9-42); bertan zihoazen 79 pertsonetatik 52 hil ziren hartan.

Ugariak izan ziren beren borondatez aliatuen alboan borrokatu ziren euskaldunak. Euskal itsasgizon erbesteratu askok zerbitzatu zuten herrialde aliatuen merkatari ontzietan, itsaso guztietan, eta haietako batzuek are aliatuen Itsas Armadetan. Euskaldunak izan ziren Guadalcanal, Iwo Jima eta Itsaso Bareko beste zenbait uhartetako lehorreratzeetan, Indikoko operazioetan, petrolio trafikoan Karibean, Ozeano Atlantikoan, Mediterraneoan, Normandiako lurreratzean, Jugoslaviako kostaldearen aurkako erasoetan, Itsaso Beltzean...

Euskaldunen kopuru bereziki garrantzitsuak aritu ziren Frantziako Itsas Indar Libreetan (FNFL), Muselier amiralordeak sortuak Ardatzaren aurka borrokan jarraitzeko Vichyko Frantziak 1940an armistizioa sinatu zuenean Alemaniarekin. Bertan eman zuten izena Gerra Zibilaren ondoren Frantzian eta Ingalaterran erbesteratutako euskal itsasgizon gutxi batzuek, baita Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoko itsasgizon hamarkada batzuk ere. Zenbait mendetan estreinako aldiz, Bidasoako bi aldeetako euskaldunak elkarrekin borrokatu ziren, alde berean.

FNFLetan egindako egonalditik geratu zaigu euskal unitate militar bat antolatzeko lehen saioa, aliatuekin batera borrokatzeko. Euskal Kontseilu Nazionalaren (aldi batez Euskal Gobernuaren lanak egin zituen erakundea) eta Frantzia Librearen arteko akordioz, FNFLen barruan euskal unitate militar bat antolatzera iritsi ziren 1941en, Itsas Fusilarien 3. Batailoia. Ingelesek saihestu egin nahi zuten Francoren Gobernua gerran sartzera anima zezakeen edozein ekintza, eta haien presioen ondorioz unitatea bertan behera geratu behar izan zuen 1942n, inoiz guduan sartu gabe. Haietako parte hartzaileak Frantziako Itsas Indar Libreetako eta Armadako beste unitate batzuetara pasatu ziren banaka-banaka. Hala ere, sinatutako hitzarmenak garrantzi historiko handia izan zuen, euskal herriaren erakunde ordezkari batek aro modernoan sinatutako lehen nazioarteko ituna baitzen, eta, gainera, euskarazko bertsioa ere bazuen.


Loturak